a
Un espacio que propone reflexionar sobre el urbanismo y la arquitectura en Euskadi.

Encuentranos en redes

Hirien azala

Manuel de Sola Morales i Rubió
“D’UR” aldizkaria, 012010 alea, 18-19 orrialdeak. “De Cosas Urbanas” liburuko atala. Gustavo Gili, Bartzelona, 2009.
Nire lana hirien azalean dago. Haien epidermisa da aztertzen dudana, gozatzen dudana, eta honek bere egiturarik sakonenak jorratzea laguntzen dit. Ehunen arkitektura epidermiko hori da, aldi berean, nire hiri proiektuak eratzeko erabiltzen dudan lehengaia.
Hirien azala, eraikin, testura, kontrastez egina dago. Kaleak eta espazio libreak, lorategiak zein hesiak, profilak eta hutsuneak. Bricks and mortar, Max Sorre geografo jakintsuarentzat,  hirien definizioa ziren. Baina badira baita mugimenduak eta bidegurutzeak, autoak, fatxada, soto eta hodiak. Dendak, bulegoak, orubeak, apartamentuak, museoak, antzokiak eta hutsik dauden denetariko lokalak. Zintarriak eta espaloiak, biltegi, andela, fabrika eta merkatuak, monumentu eta hondakinak, estadio eta estudioak… hain zuzen ere, gure gorputzaren eta materia fisiko horren arteko kontaktuak sortzen du hiri esperientzia. Flesh and Stone izenez deitu zuen Richard Sennetek hiriari buruzko bere idatzi ederrenetariko bat. Horregatik dira ezinbesteko arrapalak eta eskailerak, ate eta kantoiak, haietan sentitzen baitugu, gure gorputza hiriaren gorpuztasunarekin alderatuz, haren neurri eta forma.
Material denaren hiritartasuna interesatzen zait, ukimenez eta ikusmenez, sentsazioz eta iradokizunez eginiko hiritartasuna. Beste gauza batzuk dira, “hiri-egituraren” ideia, zeinaren inguruan oinarritu den hainbeste plangintza, “hiri-sistema” kontzeptua, jarduera eta posizioen  arteko interdependentizari erantzuten diona, edo “eremu-funtzional” deitura, espazioak sailkatzeko eta esleitzeko erabilia. Ikuspegi horiek monopolizatu dituzte azken mende erdian hiri-ikasketen zati handi bat. Ustez, garrantzitsuenak diren barne egiturak aurkitu nahian, kontzeptu hierarkiak proposatu dituzte non hiria ikuspegi estrukturalista, formalista, ekonomizista batetik interpretatzeko, edo dena batera (…)
 
Gilen Txintxurreta Beitia 2021
Hiriaren esperientzia, Solá Moralesek, hura osatzen duten elementu fisikoekiko harremanak sortzen duen esperientzia gisa ulertzen du; eta hiria gorputz hartzen duen ehun bat izanik, haren diseinuan gorpuztasun hau kontutan hartu beharra dago. Hiri-plangintza, hiri-sistemak, hiri-egiturak, sarri, fisikotasunaren inguruko eztabaidari ihes egiteko erabilitako kontzeptuak izan dira. Abstraktuak,  forma gabeak diren aldetik, gauza bat eta aurkakoa egiteko erabili daitezke, eta, termino hauen orokortzeak, hiriaren irudiaren inguruko eztabaida estali izan du.
Plangintza, azken finean, tresna sorta bat da, eta nahieran erabil daiteke emaitza ezberdinak eskuratuz. Mailu bat bezala erabil daiteke, hiria kolpatuz, elkarrekin loturarik ez duten eta logika indibidualei erantzunez jarduten duten zona autojustifikatuak sortzeko, edo, pintzel bat bezala erabili daiteke, koadro harmoniko bat osatuz, hiriaren ehunak josiz eta tentsio ezberdineko guneen arteko oreka lortuz.
Honetarako baina, hiri zatien sorkuntza edo eraldaketa prozesua diseinatu beharra dago. Kale baten diseinua ez da soilik haren sekzioa lantzea, kale horrek inguruko kaleekin duen hierarkia harremana ulertzea da, hierarkia horretan, jarduerak non eta nola kokatuta dauden jakitea, eta baita, jarduera horiek okupatuko duten bolumenari forma ematen hastea. Bi dimentsiotako plangintzatik, hiri plangintza tridimentsional batera pasaz, azalerak ez, bolumenak irudikatuz.
Hiriaren esperientzia, esperientzia bolumetriko bat da, bertikal eta horizontalen arteko jokoa, eta, bihurgune, zabaltze edo estutzeek, esperientzia hau dinamiko bihurtzen dute. Oteizaren “Egitura Hutsek”, pertsonak haren inguruko espazioa mugatzen duten artelanekin alderatzen dituzte, eta, artelanaren forma baino, pertsonak forma horrekin duen esperientzia espaziala da garrantzizkoena. Hiriak nolabait, arkitekturak bezalaxe, ibiltariak harekin izango duen harreman fisikoan kontuan hartuz diseinatua izan beharko luke, eta plangintzak diseinu prozesu honetan sormena eta dinamismoa onartu beharko lituzke.
Honek ez du baina, diseinu totalaren justifikazio bat izan nahi, aitzitik, ausazkotasuna eta hiriaren kontsolidazio prozesu historikoa bere barne ulertzen dituen plangintza dinamiko eta plastiko baten defentsa da, non azkeneko forma, definitua ez, baina diseinatua izan den.
Gilen Txintxurreta Beitia
@gilentxintxu