Latsarrien berrinterpretazioa
Egilea
Lan mota
Julene Larrea Fernández
GRAL / Gradu amaierako lana
“PROIEKTUAREN HELBURUAK HONAKO HAUEK DIRA: EMAKUME-TALDE BATEN SARE AFEKTIBOA EHUNTZEA, EKOIZPEN-ESPARRUAN HAZKUNDEA ERRAZTEA ETA AITORTZEN EZ DIREN ZAINTZA-LANEN PISUA ARINTZEA.”
Proiektua
Ondarea ez da elementu neutrala. Historikoki, emakume produktiboaren irudia ezabatzeko joera nagusitu da, eta hura gogorarazten zuen arkitektura desagertuz joan da. Garbitoki publikoa da kolektibo hori gogorarazten duen elementu babestu bakarretako bat, eta, edonola ere, zirrikitu horri heltzea mendeetan nagusi izan den joerari aurre egiteko aukera da.
Garbitokien balio sinbolikoa oso handia da; horregatik, memoria errespetatzen duten berrinterpretazio-irizpideak kontu handiz ezarri eta jarraitu behar dira. Lan honen helburua irizpide horiek sortzea eta adibide zehatz batera transferitzea izan da.
Irizpideak betez, historian zehar mespretxatu den kolektiboaren lana aitortuko da, eta tratu bidegabea zuzentzeko balioko du ere.
Teoria hau Bilboko Abando auzoko La Perla garbitegian praktikatzen da. Proposatutako esku-hartzeak jatorrizko elementu bakarra bakarrik errespetatzen duelarik: fatxada.
Garbitokia eguneratzeko, gure gizartearen ahuleziak eta gabeziak aztertu dira. Genero-indarkeria daukagun zama handienetako bat da, gure bizitzako alderdi guztiak kutsatzen dituelarik.
Proiektuaren programa emakumeek jasaten duten indarkeriari aurre egiteko tresna bat da. Gaur egun, askatasun ekonomikoa lortzea zailagoa da emakumeentzat (Emakunderen datuak), negozio bat irekitzea edo etxebizitza bat eskuratzea oso bide aspergarria bilakatuz.
Proiektuaren helburuak honako hauek dira: emakume-talde baten sare afektiboa ehuntzea, ekoizpen-esparruan hazkundea erraztea eta aitortzen ez diren zaintza-lanen pisua arintzea.
Oso kontuan hartu dira behin-behinekotasun- eta malgutasun-faktoreak, eraikinaren kudeaketa librea proiektuaren indarguneetako bat bihurtuz. Eraikina osatzen duten 1.800m2 horietan, barneko eta kanpoko espazioak planteatzen dira, elkarrekin bizitzeko eta ekoizpen-eremuan hazteko.