a
Un espacio que propone reflexionar sobre el urbanismo y la arquitectura en Euskadi.

Encuentranos en redes

Trena, hiria eta hitza jatea

Politikan gauza bat esan eta kontrakoa egitea gutxitan irteten da garesti, eta momentuko haserreez haratago, ondorio larririk nekez dakar. Badago dena den, euskal politikan bereziki, atzera bota ezinezko zin bat, duela 25 urte baino gehiago egin bazen ere, bi krisi eta pandemia igarota, denborak eta mundua ulertzeko modu berriek kontrakoa iradoki lezaketen arren, gure agintariek irmo mantentzen dutena.
-AHTa lurperatuta ailegatuko da EAEko hiriburuetara.-
Nola? Batek jakin.
Noiz? Auskalo.
Zergatik lurperatuta? Hala esan zelako.
Ez gaitezen erra. Espainiar gobernuek beti mantendu izan dute apustu berbera, orain arteko azpiegitura ministro guztiak gure hirietatik pasaz lurperatzearen inguruko azken akordioa lortu dela salduz. Orain ordea, zalantzan jartzen hasia da AHTa lurperatuta ailegatuko dela.
Eta zalantza ulergarria da oso. 7 urte barru ailegatuko balitz trena (izan gaitezen optimista, gure gobernariak badira), ordurako, lurperatze proiektuen inguruko lehiaketa, alegazio, proiektu eta eraikuntza lanak egin beharko lirateke, non eta Gasteiz eta Bilboren bihotz bihotzean. Optimista izan gaitezke baina inozoak ez, hau materialki ezinezkoa da, are gutxiago proiektuak ondo egin nahi izatekotan.
Eta hemen, beste kontu bat sartzen da jokoan: benetan beharrezkoa al da lurperatuta ailegatzea? Gasteizen 700 milioi euroko esfortzua egin beharko da, Bilbon 730 milioikoa. Ez da diru kontua soilik, baizik eta, funtzionalki zentzurik ote duen eta benetako hiri hobekuntzarik dakarren.
Roger Snserrich politologoak “Por que soterrar vias es (casi) siempre mala idea”* artikuluan, hainbat argudio ematen ditu lurperatzeen aurka, eta berak dioen bezala, lurperatzearen aldekoek, trenbideak “hiria banatzen” duela esaten da maiz.
Bilbon soilik 600mko arrakala bat sortzen dute geltokiaren andenek, hau eta ibaiaren artean apenas jenderik bizi den leku batean gainera. Zeharkagarritasuna hobetzeak apenas izango luke ondoriorik bilbotarren gehiengoarentzat eta hiriaren iragan eta botere industrialaren ikur den paisaia berezi hau desagerraraziko luke, parke txiki bat eta etxebizitza blokez ordezkatuz. Hirietara ailegatzeko modua esperientzia bat da, eta ezin konpara daiteke aire zabalean heldu hiria zure eginez edo tunel batean ezer ikusi gabe ailegatzea. Milanen egon den edonork esan dezake zein berezia den Stacion Centralera daramaten burdinbideak zeharkatzeak. Trenbideak ere badira ondare, industria eraikinak diren modu berean, eta haiekiko harremana hobetzea beharko luke izan gure helburua, ez (beti) desagerraraztea.
Gasteizko kasua apur bat ezberdina da, baina hemen beste faktore batzuk sartzen dira jokoan. Ipar mendebalde banatzen omen du hiria trenbideak, baina biztanleriaren %21 soilik bizi da hegoaldean, eta ia ibilgu osoan, trenbideak ez du arazo zuzenik eragiten, etxeak modu egokian banandu baiziren bere garaian. Trenbidea lurperatzeak gainera, azpiegituraren etorkizunerako potentziala mugatuko luke. Araba, Mirandatik Altsasura zeharkatzen duen trenbideari lotuta daude, ez soilik herri handienak, baita industria gune nagusiak ere. Etorkizunean bide hau egingo lukeen eta Gasteiz barruan geltokiak lituzkeen tren bat jarri nahiko balitz, lurperatzeak guztiz ezinezko egingo luke egungo azpiegituraren egokitze bat, gaur egun oraindik posible dena. Hiriaren zati txiki batentzako onura denak, eskualde osoaren etorkizuna baldintzatuko luke. Kasu honetan bestelako soluzioak plantea daitezke, biaduktu eta azaleko geltoki txukun bat, zeharbideen hobekuntza batekin batera esate baterako, 700 milloitik berako kostuaz, seguru.
Hortaz, zer dela eta lurperatzearekiko obsesio hau? AHT aferak suposatu duen euskal gizartearen iritzi banaketak, haren defentsan dihardutenek azpiegitura honek ekarriko dituen bertute guztien alde amorruz borrokatzea dakar. Badirudi, bertute horietako bat zalantzan jartzeak, AHTaren logika osoa zalantzan jartzea dakarrela, eta azpiegitura planteatua izan den modua ikusirik, hala uler liteke, baina duela 30 urte mahaigaineratutako proiektu baten exekuzioa ez da zertan jatorriz iradokia izan zenaren berdin izan. Bada garaia kontua serioski planteatu eta GAUR azpiegitura honek nolakoa izan behar duen erabakitzeko.
Garai bakoitza bere logikak ditu, eta adreiluaren garaian lurperatzeak modan egoteak ez du esan nahi gaur berdin egin beharra dagoenik, eta orduan emandako hitza, agian, jaten has gaitezke. Azken finean, delituak 10 urtean preskribatzen dira.
*Sesenrich, Roger. (28 Dic, 2016) Politikon.
https://politikon.es/2016/12/28/por-que-soterrar-vias-es-casi-siempre-mala-idea/
 
Gilen Txintxurreta Beitia
 

 

 

 

Gilen Txintxurreta Beitia
@gilentxintxu