Berritzaile izatea momentuko konbentzioetatik irteten den zerbait egitea da, eta horretarako, ezinbestekoa da nolabait konbentzio honen alde iluna ezagutzea, harekiko kritika batetik, kritikatua denarekin ezberdina den zerbait sortzeko.
Artearen espresioa, forma dugu. Honek bi alderdi ditu, forma produzitua eta produkzioaren forma, hau da, sortutakoak hartzen duen forma -musika generoa, estilo piktorikoa, arkitektonikoa besteak beste- eta sorkuntza prozesuak duen forma -testuingurua, erreferentziak, plazaratzeko modua-.
Bizi dugun garai honetan forma produzituan berritzea, berritzailetzat errealitatearekiko kritiko izatea ulertuz, zinez konplexua da. Gustu orokorrak oso denbora gutxian bereganatzen du apurtzaile den hori eta bere logikaren barruan sartu, are gehiago, berritzaile izenpean, merkatuaren asimilazio azkar batera bideratutako produktu sasiberritzaileak agertzen dira, kontrakultura estetika arrakastarako bide gisa baliatuz.
Ideia hauek podkast baten entzute eta artikulu baten irakurketaren arteko barne eztabaidatik datoz, haien arteko distantzia ulertuz baina elkar ukitzen duten puntuak bilatuz. Basilika kultur podkastak, Sakoneta #01 saioan, berritzaile izateak suposatzen duenari buruz ordubetez mardulki dirau. Parean, Alejandro Zaera Polo arkitektoak 2016an Sergison Bates estudioari zuzendutako Croquis aldizkarian idatzitako artikulua dugu. Bertan, arkitekturak mende berriaren hasiera honetan garatu dituen korronteen inguruan gogoeta egiten du.
Zaerak, modu polemikoan, 7 korrontetan banatzen ditu egungo arkitektura egile nagusiak. Kontutan hartu beharra dago, aipatzen diren estudioak arkitektoon mundu barruko izenak direla, eta hortaz, aldizkari zein sari banaketetan sarri agertu arren, munduan eraikitzen den produktuen zati oso txiki baten arduradun direla. Haien garrantzia mundua eraikitzen duten beste aktoretan sortzen duten influentzia da, korronte sortzaileak dira.
Orainaren kontestua jakina dugu. 90eko hamarkada ostean neoliberalismoa diskurtso historikoan gailendu zen, eta honen men, indibidualismoaren urrezko aroan sartu ginen bete betean. Arkitekturan, honek erreflexua izan zuen Star System deritzonean, formaz hiper teknologiko zein parametriko, eta aurrekontuz zein gainkostuz infinituak ziren proiektuekin. 2008ko krisiak modeloaren jasanezintasuna agerian utzirik, Francis Fukuyamak “Historiaren bukaera”n defendatzen zuenaren aurka -komunismo ostean, demokrazia liberala bihurtu da mundu mailako sistema bakarra, eta ideologiak jada ez dira beharrezko, gizabanakoak bere behar eta aspirazio denak merkatuan asebetetzen dituelarik-, politikaren eta ideologien berrindartze bat eman da, eta arkitekturan, posizionamendu politikoa ia beharrezko bihurtu da, aurreko aroari bizkar ematea etikoki derrigorrezko izanik. Baina aurrekoari bizkar emate honetan, arkitektura berritzailea izaten ari ote den, eta hau zertan islatzen den galdetu beharra dugu.
Estudio gazteen artean postmodernismoaren estetikatik hurbil dauden eta etxea, xumetasuna, materialen gordintasuna, arketipo formalen -nabea, bi hegaleko estalkia, leiho altu estua, barandaila- berrinterpretazioa aldarrikatzen duten proiektuak daude modan. Baina hau, formalki, aurrekoarekiko kritiko izaki, laster bihurtu da merkatuaren morroi. Londoen, Morris + Company bezalako estudioek, korronte berri hauen barruan egonik, iragan Viktoriarrarekin zerikusia duten konposizio klasikoak -inperio zaharraren nostalgia gisa uler daitekeena- erabiltzen dute merkatu espekulatiboak finantzatutako hiri birgaitze proiektu erraldoietan (Nine Elms, Kings Cross…).
Bestetik Assemble studio edo Santiago Cirujeda bezalakoek aktibismotik jarduten dute, autofinantzatutako proiektuekin, merkatutik, eta maiz, legeetatik at. Posizionamendu erradikal honek, proiektuen eragina jada aktibista direnengana mugatzen du sarri, gaitasun eraldatzailea erlatibizatuz. Honela, planteamendua benetan berritzailea den zalantzan jar daiteke, betiko bazterreko jarrera antisistemen barruan sartuz, gizarte eraldaketa gaitasun urria duen heinean.
Estilo eta egiteko modu berri hauek, berriak ote diren zalantzagarria izanik, berritzaile izaterakoan euren muga propioak aurkitzen dituzte, gaur zerbait berri egitea zein zaila den erakutsiz. Gure jarduna esanguratsua izatea nahi badugu, posizioen eta metodoena inguruko elkarrizketak izan beharra dugu. Aipatutako artikuluaren irakurketak eta podkastaren entzuteak, norberaren iritzi eta gogoetak sortuko ditu, eta, nireekin bat etorri zein ez, eztabaidarako bideak irekitzea espero dut. Gure biharra, gaurko eztabaiden emaitza ez bada, hutsune intelektualaren ondorio izango da, eta hor, seguru, fruituak urriak izango dira.
Erreferentziak:
Kepa Matxain – Jon Urzelai. Basilika. Sakoneta #01 Moderno
https://open.spotify.com/episode/2y9SUIKLSSof8WmITaiSWf?si=A1Z2IRBpR9ut8ymAKD6ccw&dl_branch=1
Alejandro Zaera Polo. Ya bien entrados en el siglo 21. ¿Las arquitecturas del post capitalismo?
Croquis, ISSN 0212-5633, Nº. 187, 2016 (Ejemplar dedicado a: Sergison Bates 2004 – 2016), págs. 252-287
Gilen Txintxurreta Beitia
@gilentxintxu