Ula Iruretagoiena Busturia
Amaia Casado Rezola
Ikerketa honek eskola eraikinen eta hezkuntzaren funtzioaren inguruan gogoeta egin nahi du, garai postindustrialeko hezkuntza eredu berria eraiki nahian eskola‐espazioak haurtzaroarentzat harrera‐ingurune bihurtzen direla ulertu, eta beraz, norbanako bakoitzaren etxearen jarraipen gisa daukaten papera aztertuko dira. Hezkuntza‐inguruneen harrera funtzioa balioan jartzeak eskolak izan beharko lukeen izaera inklusiboa indartzea eskatzen du, irisgarritasun unibertsala bermatzearekin batera, hezkuntzak dibertsitateari eman behar dion erantzun espaziala birplanteatuz.
Ikerketa bi ibilbide nagusi uztartuz egituratzea proposatzen da. Lehenengo ibilbideak marko teoriko bat definitzea bilatu du, ikuspuntu lokala zein globala aintzakotzat hartuz, eta hezkuntza‐espazioekiko diziplina ezberdinetako norbanako, aditu eta eragileen begiraden mapa bat sortuz. Bigarren ibilbidea berriz, landa‐lanean oinarritzen da, Nafarroako hezkuntza‐ zentroekin elkarlanean beraien errealitatera gerturatuz. Bertako ikastetxeetan abiatutako espazio eraldaketa prozesuetan behatzaile papera jokatuko da, prozesuen bilakaera ikertuz, dokumentatuz eta sortze prozesuetan aholkularitza eskainiz.